KONTSERBAZIO-JARDUKETA MONUMENTU MEGALITIKOETAN

Trikuharriak eta menhirrak mendi-eremuetan egon ohi direnez, zaurgarritasun handiko aztarnategiak dira, batez ere baso-ustiakuntzako lanen eraginez. Horregatik, arduraz eta arretaz kontrolatu eta kontserbatu behar dira monumentuok: gizakiak eraikitako harrizko lehenengo monumentu-eraikuntzak dira, hilobi-panteoi kolektibo eta lurraldea mugatzeko mugarri gisa erabiltzeko egindakoak.

KATILLOTXUKO (MUNDAKA) MULTZO MEGALITIKOAREN KONTSERBAZIO-EREDUA: 2004-2009 URTEAK.

Katillotxu I eta V-eko trikuharrietan, modu metodikoan berreskuratu dira esku-hartze arkeologikoek eragindako gainazalak, egituren egonkortasuna bermatzeko (https://www.academia.edu/15093134). Horretarako, ikerkuntza-prozesuan ziurtatutako eraikuntza-sistemak aplikatu dira (blokeak inbrikatu, harria eta lurra txandakatu egitura kohesionatzeko…).

Katillotxu V-en kasuan, desmuntatu egin zen hilobi-ganbera, lauzen kokapen estratigrafikoa dokumentatzeko eta monumentuaren eraikuntza-prozesua ulertzeko helburuz. Beraz, beharrezkoa izan zen ganbera dokumentazio arkeologikoaren arabera lehengoratzea, lauzak jatorrizko posizioan jarrita. Apaindutako piezak (2 eta 5b ortostatoak eta 1 eta 2 hilarriak) atera egin ziren, Bilboko Arkeologia Museoan gordetzeko.

Kontserbazioko irizpidetan oinarritzen da monumentua lehengoratzeko eta finkatzeko erabakia. Zalantzarik gabe, megalitoa gainazala induskatuta aurkeztea (hilobi-ganbera bistan, irudi grafikoak in situ, harrizko koraza gainazalean…) oso erakargarria izango litzateke balio zientifikoa emateko. Baina trikuharriaren irudi arkeologiko horrek ez luke asko iraungo, eta baditugu horren adibide batzuk Bizkaian (Hirumugarrieta I eta II, Artxandako mendilerroan). Horregatik, monumentua bere jatorrizko osagaiekin (harriak eta lurra) zaharberritzea erabaki da, indusketak egin aurretik zuen itxura berreskuratuz. Interpretazioko paneletan eta esku-egitarauetan (https://www.academia.edu/37859400 / https://www.academia.edu/37859445). jasotzen den dokumentazio grafikoaren eta argazkien bitartez erakusten da ikuspegi arkeologikoa. Sistema horrek emaitza oso eraginkorrak eman ditu Katillotxuko Multzo Megalitikoan.

Katillotxu V-en, gainera, monumentua lehengoratu ondorengo higadura-prozesuen eraginaren kuantifikazioa egin zen, higadurak eragindako inpaktua minimizatzeko helburuz. Jose Miguel Edeso (EHU) arduratu zen azterlan hori egiteaz, AGIRI Elkartearen laguntzarekin. Higaduraren eraginak arintzeko eta monumentuaren egonkortasuna ziurtatzeko, gainazaleko belar-geruza mantentzea eta indartzea garrantzitsua zela nabarmentzen zuten emaitzek (https://www.academia.edu/15093228).

 

KURTZEGANEKO (OROZKO) MENHIRRA ZAHARBERRITZEA ETA ALTXATZEA: 2011. URTEA.

2011ko apirilean eta maiatzean egikaritu zen Kurtzeganeko menhirra zaharberritzeko eta altxatzeko proiektua. 2008an berreskuratutako erregistro arkeologikoan oinarritzen da horren justifikazioa (https://www.academia.edu/15140429), erregistro horrek ziurtatzen du menhirra atera, landu eta garraiatu zela, Kurtzeganeko muinoan altxatzeko asmoz, eta asmo hori F-Bsn hobian gauzatu zela. Han ezarri zen eta zutik iraun zuen zehaztu gabeko denbora-aldi batez. Argudio arkeologiko hori izan ez bagenu, hemen inplikatutako lantaldeak (arkeologoak, zaharberritzaileak eta arkitektoa) ez zukeen babestuko monumentua altxatzeko plana. Aplikatutako beste printzipio bat izan zen menhirra ezartzeko hobia zaindu beharreko egitura arkeologikotzat jotzea, 2008ko jarduketan azaldu bezala. Horregatik, Hegoalde/Hego-ekialderantz 15 metro mugitu zen monolitoaren kokalekua, arkeologikoki antzua den gune batera. Kokaleku berri horretan, mantendu egin da menhirraren jatorrizko orientazioa. Ikus Arkeoikuska aldizkarian 2011n argitaratutako testua menhirra zaharberritzeko eta altxatzeko prozesuari buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko. (https://www.academia.edu/15036534).

SORBITUAGA-ARRIATARAKO (BUSTURI) MENHIRRA ZAHARBERRITZEA : 2012. URTEA.

Añetu mendiaren Hegoalde/Hego-ekialdeko mendi-hegalean dago Sorbituaga-Arriatarako menhirra, Urdaibaiko ibarraren mendebaldeko ibaiertzean. Hareharrizko puntadun bloke bat da, oin errektangularra duena, posizio bertikalean tinkatuta dagoena, eta 2,12 metroko altuera, 0,92 metroko gehienezko zabalera eta 0,25 metroko lodiera dituena. Iparraldeko aurpegian grabatuak eta ebakidurak ditu, 2007an antzeman zituztenak P. Buenok eta R. de Balbinek (https://www.academia.edu/15049593). 1989ko suteen eraginez, blokea bitan hautsi zen; azkeneko urteetan zabaltzen ari zen eta monolitoaren egonkortasuna arriskuan jartzen. Arazo hori konpontzeko, menhirra zaharberritzeko kanpaina bat planifikatu zen 2012an, Maria Dolores Sanzek zuzendu zuena (Petra Kooperatiba-sozietatea).

Kolonizazio biologikoa kentzeko, xaflak askatuta zituzten gainazalak finkatzeko –granulometria txikiko ixte-morteroekin–, pitzadurak eta arrakalak zigilatzeko eta mikrozigilatzeko –NHL 3,5 kare hidraulikozko morteroarekin– lanak egin ziren. Luzetarako pitzadura finkatzeko prozesua izan zen garrantzitsuena. Erabili zen NHL 3,5 kare hidraulikoaren flexotrakzioaren-konpresioaren aurkako erresistentziak kontuan hartuta egin zen operazio hori. Kontu handiz tratatu ziren menhirraren grabatutako gainazalak prozesu osoan (https://www.academia.edu/15036295).

URDAIBAIKO ONDARE MEGALITIKOA KONTSERBATZEKO BESTE JARDUKETA BATZUK.

Urdaibaiko gainerako monumentu megalitikoei dagokienez, landare-ingurunean esku hartu da, funtsezko bi helbururekin: 1) Monumentuaren barne-egitura kalte dezaketen zuhaixkak eta zuhaitz-estratuak kentzea; 2) belar-geruza mantentzea eta indartzea, higadura-prozesuen aurrean elementu babesle eta indargetzaile gisa jardun dezan.

Lan horietako gehienak boluntarioz osatutako “Urdaibaiko GaltzagorriaK” ingurumen-plataformaren laguntzarekin egin dira, 1998an hasita (http://www.urdaibai.org/eu/agiri.php). Munjozurin Nabarniz eta Ereño arteko udalerri-mugaren hesia kendu eta lekuz aldatu zen; monumentuaren diametroa zeharkatzen zuen. 2005az geroztik, Sorbituaga-Arriatarako menhirrean, udako solstiziotik hurbilen geratzen den jaieguna aukeratzen da menhirraren inguruak eta hara iristeko bidezidorra garbitzeko eta mantentzeko lanak egiteko.

logo-agiri-02
logo-nomediaestudio
logo-artez